Ibaizabal ikastolako ikasleak gara eta gutun
honen bitartez, aurten, maiatzaren 29an, Durangon egingo den Ibilaldira
etortzeko gonbidapena egin nahi dizuegu. Urte osoan ilusio handiarekin ibili
gara prestatzen ekitaldi hau guraso, ikasle eta irakasleen artean.
Denok dakigunez, ikastolen aldeko jaialdi handia izango da eta horregatik bai
Ibaizabalek, bai Kurutziagak, zuen laguntza behar dute. Zazpi gunez osaturiko
ibilbide laua eta edozeinek egiteko modukoa prestatu dugu. Bertan, Durangaldeko
mendi eta paraje ederrez gozatzeko aukera paregabea izango duzue. Era guztietako
ekintzak ere egongo dira zazpi guneetan, ume, gazte eta helduentzako aproposa.
Horretaz guztiaz aparte, euskaraz mintzatzeko eta lagun berriak ezagutzeko
aukera aparta da. Izan ere, ez dugu ahaztu behar jaialdiaren zergatia hizkuntza
bultzatzea dela; gure izaera bultzatzea, alegia. Horiek hala, argi eduki behar
dugu zertara gatozen, hots, ondo pasatu behar da, baina betiere, «pasatu gabe».
Lagunak eginez, giro aparta sortuz, gure ama-hizkuntza bultzatuz; zer gehiago
eska genezake? Bada zeuok parte hartzea, zeuok baitzarete jaialdiaren oinarria,
jaialdiaren bizkarrezurra; zuek, jaialdiko beharrezko elementua
Aurten aipagarria den berezitasun bat izango du ibilaldiak, jaia bukatu eta
gero, denok zaudete gonbidatuta Durangoko Plateruena kafe antzokira; han,
jaialdiak jarraituko du, musika, dantzaldi eta giro paregabearekin.
Beraz, asko pentsatu gabe, etor zaitezte! Zuen jaia da, euskararen jaia,
denona. Goza ezazue gurekin! Laster elkar ikusiko dugulakoan, hemendik bostekoa
ematen dizuegu.
Naia Diez, Irati Urien, Enea Pinillos
- Ibaizabal ikastolako ikasleak